CCOO Irakaskuntza | 16 July 2024.

batzen gaituen indarra

LAN-KONTRATUDUN IRAKASLE-HEZITZAILEAK

CCOOirakaskuntzaren komunikatua | HITZARMEN KOLEKTIBOAREN BEHIN BETIKO PROPOSAMENAREN INGURUAN, 2024/07/03koa (uztailaren 4an, 14:20, jasotakoa)

    CCOOirakaskuntzaren ustez Eusko Jaurlaritzak bidali duen egungo proposamenak ez ditu kontuan hartu gure sektorearen aldarrikapen historikoak, eta, gainera, baita gure egungo lan-baldintzen atzerakada larria izan daitekeela ere.

    09/07/2024.
    Elkarrizketarik gabe, akordiorik EZ

    Elkarrizketarik gabe, akordiorik EZ

     

    Uztailaren 4an, 14:20an, Hezkuntza Sailak Hitzarmen Kolektiboaren Behin Betiko Proposamena bidali zigun. Badirudi aste honetan Negoziazio Mahaia deitzeko asmoa duela, eta gai-zerrendako puntu bakarra Hitzarmen hau sinatzea izango du, hala badagokio.

    Lehenik eta behin, eta batez ere, negoziazioan jarraitutako moduengatik gure ezinegona adierazi nahi dugu. Hilabeteak generamatzan Hezkuntza Administrazioaren aldetik ezer jakin gabe, eta ikasturte-amaiera iristen denean, eta denbora gutxirekin azterketa egoki eta sakon baterako, txeke zuria sinatzea nahi du. Txeke zuria, urte askoan gure lan-bizitza baldintzatu dezakeena eta letra txikia ezkutatzeko parafernalia ugari duena.

    Bigarrenik, CCOOirakaskuntzak negoziazioetan duen pisua txikia dela eta gure eragina mugatua dela jakinda ere, proposamenaren edukia gaitzesten dugula adierazi nahi dugu. Proposamen hori ez genuke sinatuko negoziaketetan behar besteko pisua izanez gero. Negoziazio orok dagoeneko daukagun egoeratik abiatu behar du, urteetako ahaleginen bidez gogor lortutakoari eutsiz, eta, nolanahi ere, hori sendotu eta/edo hobetu da eginbeharra, ez ahuldu eta/edo deuseztatu. (Hori bai, gauza bat argi geratu bada, hori proposamen honetan Administrazioak langileen kaltetan egin nahi dituen erreforma guztiak sartu dituela izan da).

    Lanaldiaren erregulazioari dagokionez, hobetzeko itxura eman arren, gaur egungoa baino lan-karga handiagoa eragiten duten interpretazioak ahalbidetzen ditu. Egungo erregulazioak hori saihesten duten berme batzuk ditu, ahalegin handiz lortuak eta indarrean dagoen hitzarmeneko Batzorde Paritarioaren akordioetan islatuak (gehieneko orduak, etab.).

    Oporraldia 45 egun naturaletik proposameneko 22 egun baliodunera murriztuko da, eta Administrazioak nahi izanez gero aldaketak egingo ditu etorkizunean.

    Lanaldiaren banaketa luzatu egiten da: oraingo hitzarmenarekin irailaren 1etik uztailaren 15era bitartekoa izatetik proposamenarekin batera irailaren 1etik uztailaren 31ra bitartekoa izatera igaroko litzateke. Ulertu nahi dunarentzat, hortxe abisua.

    Hezkuntza-laguntzako espezialistaren bazkaltzeko ordua benetako lan-ordutzat hartzea, jantokian artatuz gero, kentzen diguten abantaila da. Langileen Estatutuak 34.4 artikuluan baimendutako abantaila, hitzarmen bidez negoziatzen bada. Abantaila hori ez da inola ere konpentsatzen 1.480 ordutik 1.462 ordura murriztuz. Nolanahi ere, borrokatu egin beharko litzateke onura hori edo antzekoa kasu guztietara orokortu ahal izateko, inoiz ez desagerrarazteko. Laburbilduz, lan gisa hartu eta zenbatu daitekeen atsedenaldia kentzen zaigu, urtean batez beste 175 ordukoa, ekonomikoki baloratu beharrekoa. Balorazio horrekin, ustezko igoera irudipenean besterik gera liteke.

    Gainera, eskola-menua jan ahal izatearen onura kentzen zaigu. Ekonomikoki urtean 175 ordu baino askoz gutxiago da, baina kopuru hori ere gehitu behar zaio proposamenak kentzen digunari.

    Egonaldi-ordu kopuru bat finkatzen da, baina gutxieneko bat barne. Gutxieneko ordu horiek desberdintasunak sortuko dituzte.

    Egun, ordutegitik kanpoko bilerak konpentsatu egiten dira, baina proposamenean ez da horrelakorik gertatzen eta honek lan-karga handiagoa ekarriko du.

    Ikasleen irteeretara eta gaualdietara joateko betebeharra izatea zentzugabekeria hutsa iruditzen zaigu.

    Era berean, lanaldi osoan eta etxetik kilometro askotara lan egiten dugun aldi baterako langileok gure udalerrira hurbiltzeko aukera izan dezagun eta Berritzegune batera lotuta jarrai ez dezagun mekanismoren bat sortzeko aukera ez da aipatzen ere. Kasu horietan, ez da kontuan hartzen zerrendetako antzinatasuna, eta hori guztiz ilogikoa dela ikusten dugu.

    Lizentziei, baimenei, eszedentziei eta trukeei dagokienez, proposamenean abantaila asko sartu direla badirudi ere, hau errealitatetik oso urrun dago. Ia-ia guztiak lehendik jabetutako eskubideak dira, hainbat lekutan sakabanaturik jasota daudenak: Langileen Estatutua, Mahai Paritarioaren Akordioak... Dagoeneko eskuratuta dauden eskubide horien transposizio hutsera mugatzen da. Eta transposizio hutsa egiteaz gain, ez ditu era arrazionalean ordenatzen, eta horrek hitzarmena sakonki aztertzea zailtzen du (fede txarra ote?). Are gehiago, transposizio horri egiten dizkion gehigarri gehienak kontrol zorrotzagoa ezartzeko eta gure eskubideak gauzatzea zailtzeko dira.

    Ikastetxeko organo kolektiboetan parte hartzeari, ikastetxeko egutegia bozkatu ahal izateari eta abarri dagokienez, hitzarmenean islatzen den arren, ez da ezertan aldatzen gure egungo egoera, urte guztietan ikasturte hasierako jarraibideetan jasotzen dena.

    Ez dira inola ere zehazten ratioak eta horien ondorioko lan-kargak.

    Funtzio berriei dagokienez, hobekuntzaren bat edo beste ikusi arren, asko dago eztabaidatzeko eta baloratzeko. Hain gauza garrantzitsua ezin da, besterik gabe, airean utzi.

    Hainbeste puntu dira honelako komunikatu bat gainditzen dutenak… baina zerrenda askoz luzeagoa da. Negoziazio batek ezin du gure eskubideak murriztea abiapuntuz hartu, eta ezin dugu atzera egin.

    Horregatik guztiagatik, CCOOirakaskuntzak ez du positibotzat jo proposamenaren egungo idazketa, eta negoziatzen saiatuko gara, gure ahots urri baina argiarekin, gure lan-baldintzak benetan hobetu daitezen.

    CCOOirakaskuntza

     

    Lotutako dokumentazioa
    Lotutako dokumentazioa